Emprende

RSS Albistea

Lehendakariak euskal ekintzaileei dei egin die beren beharrak entzuteko

Lehendakariak euskal ekintzaileei dei egin die beren beharrak entzuteko
[2012/05/02]
Bileran parte hartu duten ekintzaile guztiek positibotzat jo dute berrikuntza zentroen tutorizazioa, baita euskal ekintzailetza-sistemako mintegiak ere.

Euskadiko hogei ekintzailek baino gehiagok gaur goizean bi ordutik gorako batzar bat egin dute Patxi López lehendakariarekin Arabako Eraberrikuntza Industrialdean (CEIA), Miñaoko Parke Teknologikoan. Bilera horretan, beren kezken berri eman diote Jaurlaritzaren buruari, Euskadiko ekintzailetza sistemaren balantzea egin dute eta beren esperientzian ikusi dituzten gabeziak mahaigaineratu dituzte. Lehendakaria, Euskadin ekintzailetza sustatzeko eta gure herrialdea “historikoki ekintzailea” dela azpimarratuz, hainbat sektoretako enpresari gaztez osatutako talde batekin bildu da, horietako bakoitzaren iritzia zuzenean entzuteko. Bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzatik konponduko dira antzemandako ahulezia horietako batzuk.

Bileran parte hartu duten ekintzaile guztiek positibotzat jo dute berrikuntza zentroen tutorizazioa, baita euskal ekintzailetza-sistemako mintegiak ere. Gainera, eskaintzen diren diru-laguntzak bikaintzat jo dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak ETEei eta autonomoei laguntzeko martxan jarri duen 2.180 milioi euroko finantzaketa-sistema txalotu dute. Lehendakariak berak azaldu die zein fasetan dagoen eta nola ari den kudeatzen, finantza-erakundeek finantzaketa benetan behar dutenei helarazteko.

Guztiek azpimarratu dute, aho batez, ezinbestekoa dela finkapen-aldirako laguntza handiagoa eskaintzea. Era berean, lehenengo urteetarako zerga-arloko pizgarri-politika bat eskatu dute, baita BEZa itzultzeko sistema hobe dadila ere.

Bestalde, enpresa eta produktu berriek herri-administrazioarekin kontratuak lortzeko edo lehietan parte hartzeko arazo handiak dituztela azpimarratu dute, produktu berriak merkaturatzeko laguntza handiagoa eskatu dute eta produktuen salmentaren arloko leihatila publiko bat eskatu dute.

Lehendakariari gaur hasi den eztabaidari jarraitutasuna emateko eskatu diote, eta, horretarako, laster beste bilera bat egitea adostu dute. Bigarren batzarra egin baino lehen, lehendakaritzatik bileran parte hartu duten ekintzaile guztiei topaketaren balantze bat helaraziko zaie, eta planteatu diren kezken inguruko erantzun posibleen berri emango zaie.

CEiA Eraikina - Albert Einstein kalea, 15. zk.- Arabako Teknologi Parkea- 01510 Miñao (Araba)
Telefonoa: 945 29 82 82 - Faxa: 945 29 87 10 - ceia@ceia.es

Valid XHTML 1.0 Transitional   Azken eguneraketa: 2013-05-23 11:51:34